Nor gara

Datuak Babesteko Euskal Bulegoa zuzenbide publikoko entea da, inongo loturarik gabe betetzen ditu bere eginkizunak, eta euskal administrazio eta instituzio publikoek euren eginkizunak egikaritzean datu pertsonalen tratamendu egokia egin dezatela zaintzen du.

DBEBk datu pertsonalen babesarekin zerikusia duten kontsultei erantzuten die, eta zabalkunde- eta prestakuntza-jardueretan parte hartzen du arlo hori eraentzen duen araudian onartutako eskubideak ezagutzera emateko, pribatutasunaren balioari buruzko kontzientzia publikoa areagotzeko eta euskal administrazio publikoek beren eguneroko jardunean pribatutasun hori errespeta dezatela sustatzeko.

Herritarrek edo administrazio publikoek egindako kontsultei erantzuteko hainbat komunikazio-kanal jartzen ditu eskura, informazioa edo irizpide juridikoa ala teknologikoa eskatu nahi izanez gero. Gainera, euskal administrazio eta instituzio publikoek datuak babesteko legeria bete dezatela zaintzen du eta, hala badagokio, ahal zuzentzaileak egikaritzen ditu.

DBEBk, halaber, pertsonen eskubideak babesten ditu, datu pertsonalen babeserako araudian eskubide horiek onartzen baitira. DBEBn eskubideei buruzko erreklamazio bat jarri aurretik, interesdunak datuen tratamenduaren arduradunarengana jo behar du bere eskubideak egikaritzeko. Arduradunak ez badu erantzuten ezarritako epean, edo erantzunarekin ados ez badago, interesdunak erreklamazioa jar dezake DBEBn.